Lehen planoan izen ezagun bat grafia ezagun batekin: Lindt txokolate markarena; azpian Merry Christmas esaldia, gabon zoriontsuak. Gainean, erdizka bakarrik ikusten da, pankarta beltz bat hizki zuriekin; ulertu ezin, arabierazko zeinuekin idatzita baitago. Pankarta horri eusten bi lagun; eskuinekoari apenas ikusten zaion aurpegia, kokotsa besterik ez. Ezkerrekoak begi bakar bat dauka bistan, baina nahikoa bizitzen ari den aldartea antzemateko: bere barrura begira dago, kezkatuta eta etsiturik.
“Ez dago Ala ez den beste jainkorik, eta Mahoma da haren profeta”; esaera ezagun horixe jartzen omen du pankartak, juxtu, Lindt-en Merrry Christmas-en gainean. Nahita ere nekez asmatu ahal zen argazki esanguratsuagorik, topikoaren bidetik beti ere: Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko talka mezu ortopediko banatan, non eta han, Sidneyn, antipodetan.