Hiru emakume eta bi gizon, horra gaurko protagonistak. Kartel bat dute eskuetan. Afixak dio “eten”; kontzertu bat iragartzen du.
Hogeitik gora artista bilduko dira bihar Donostian, bortxakeria matxista salatzeko, emakumeen aurkako biolentzia salatzeko. Aste beldurgarri honetan, solfeoa, makilaren kontra.
Gerra bat hasten den bakoitzean, nire kolkoari galdetzen diot zer ote dugun buruan. Hilketa bat gertatzen den bakoitzean, nire kolkoari galdetzen diot zer ote dugun buruan. Futbol partida baten atarian zaleak elkarri joka hasten diren bakoitzean, nire kolkoari galdetzen diot zer ote dugun buruan.
Eta ez dakit erantzuten. Arrazoi politikoak, ekonomikoak, kulturalak, erlijiosoak, familiarrak, psikologikoak... eman izan dizkidate; baina ez dut ulertzen nola hartzen dugun makila hain erraz.
Eten. Eten dezagun katea.