Fermin Erbiti: Zabalza gogoan

Euskalerria Irratia 2014ko abenduaren 11

Gogoan daukat eguna: abenduaren 15 zen, nire urtebetetze eguna. 1985eko abenduaren 15ean. Mikel Zabalzaren gorpua ibaian agertu zen. Aurreko egunetan Gurutze Gorriko urpekariak ibaia miatzen ibiliak ziren, gorpuaren bila. Arrastorik ez.

Eta abenduaren 15ean agertu zen. Guardia Zibilak emaniko bertsioa sinesgaitza zen: Guardia Zibilez inguraturik loturik zeramatela, gaztea kolpeka hasi eta uretara salto egin zuen. Igerian ez zekien. Itxura guztien arabera, Orbaizetako gaztea torturaturik hil zen, eta ondoren gorpua ibaira bota zuten.

Garai hartan, jende askok salatu zuen hilketa: kazetari batzuek, politikari batzuek, Cirarda artzapezpikuak ere. Baina jende gehiegi mutu geratu zen, eta, are gehiago, batzuek batere lotsarik gabe ontzat eman zuten bertsio ofiziala, gezurra zela jakin arren. Mingarria da inpunitate hura gogoratzea.

Zabalzaren hiltzaileek ez dute egun bakar bat ere eman espetxean, ezta etxetik hurbilenekoan ere. Orain, hilketa gertatu zenetik hogeita bederatzi urtera, Nafarroako Parlamentuak keinu bat egin dio familiari.

Berandu bada ere, ongi etorri. Bada garaia argi esateko ETAren astakerien zerrenda ez dela bakarra, bestelako hilketak ere izan zirela. Eta ideia ona dela zerrenda ezberdinetako jendea elkartzea, azken finean minak zerrenda guztiak berdintzen dituelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!