Argazkia joan den asteburukoa da, eta ezintasunaren erakusgarri bizia. Jokalari gorritxo bat lehiatzen da baloi baten atzetik, argi eta garbi atezainarena izango den baloi baten atzetik. Jokalaria nor den? Ez dakit, Vujadinovic, edo Sisinio, edo De las Cuevas; edo agian Cadamuro, Nekounam edo Kodro. Auskalo, agian Cedrick da, edo Nino, edo Ansarifard, nork daki. Mertzenario oste horrek, aulkietakoak eta bulegoetakoak ahaztu gabe, 60 milioi euroko zorra sortu du urte gutxitan, orain, Parlamentuak onartutako lege eskandalagarriari esker, denok ordainduko ditugunak. Alegia, ez zirela bankuak bakarrik erreskatatu behar genituenak. Zergatik ez dute lege bat onartzen etxetik kaleratzen ari diren jendeak Osasunak dituen baldintzak eduki ditzan zorra kitatzeko? Eta non daude 60 milioi euroak? Noren poltsikoan? Nork eraman ditu? Ez dago erantzukizunik, ala hori ere Atlheticen errua da?