Neskatoa liburuxkari heltzeko zorian dago, eskua luzatuta. Alboan dituen bi emakumeek ere liburuxka bat dute eskuartean, eta hura aztertzen ari dira; paperean bildutako beste libururen bat ageri da, eta plastikozko poltsa eskumuturretik zintzilik; hor diskoren bat ere egon daiteke. Inguruan neska gehiago, emakume helduak, burusoilen bat… pasiloan harantz eta honantz, standen bateko lehen lerroa noiz harrapatuko zain.
Ehun eta hogei mila bisitari lehen hiru egunetan, atzokoa kontatu gabe, iaz baino hogei mila lagun gehiago. Hori Gerediaga elkarteak emandako izenburua. Saltzaileak, liburu nahiz diskoenak, aurreikuspenak beteta. Ekitaldi mordoa Ahotsenean eta aurten zabaldu den Gogoetaren plazan. Szenatokian estreinaldi bat: Kepa Junkerak eta Organik dantza taldeak sortutako Txapelduna ikuskizuna. Kroniketatik kanpora utzi dituzte parrandak, baina hauek ere tamainakoak Durangon, hiruzpalau egun hauetan.
Berrogeita hamar urte betetzera doa Durangokoa, eta oraindik ere mirari miragarria gertatzen zait nola demonio daukan halako arrakasta txerririk, eta barazkirik, eta gaztarik gabeko Azokak.