Argazkia Alkotzen dago harturik. Hiru gizon daude: Aita Donostia, herriko apeza eta bertako gizon bat, Antonio Ziaurritz. Kaputxinoa notak hartzen ari da koaderno txiki batean, herriko kantu eta dantzen inguruan, noski.
Sortzez donostiarra, Lekarozen hazi eta hezitako gizonak lan ikaragarria egin zuen Euskal Herriko kantuak biltzeko. Nafarroako Ganbera Abesbatzak argitaratu berri duen “Lili eder bat" diskoak bilketa-lan horren lagin txiki bat eskaintzen du: hogeita hamazazpi kantu, gehienak Nafarroan bilduak.
Diskoa lehenengo egunean aurkeztu zen, Iruñeko Baluarten. Taldea kantatzen ari zelarik, nire gogoa kaputxinoaren lan ikaragarriaren merituarekin zebilen bueltaka. Zenbat bidaia, herriz-herri, etxez-etxe, grabagailurik gabeko garaian, boligrafoa eta papera lagun bakartzat, tokian tokiko doinu eta kantuen letra jasotzeko. Gaurko talaiatik nekez irudika dezakegu bilketa lanaren meritua.
Nik dakidala, Nafarroako Gobernuak ez dio sekula meritu hori aitortu. Orain, duela berrogeita hamar urteko “mirari”ak saritzen hasi delarik, zerrendan sartzeko modukoa izan liteke Jose Gonzalo Zulaikaren izena. Hortxe nire proposamena, Gobernuak kontuan hartuko ez duelakoan.