Igandeko egunkarian hiru orrialde oso. Enegarren aldiz. Hamaikagarren saria jaso du. Egunero akademiek igurtzi egiten dute. Erabateko arrakastaren sinboloa. Munduan zehar zuzentasun politikoaren ikonoa da. Euskaldun zintzoaren paradigma erresumaren hiriburuan. Euskal izateaz beti arduratua. Duintasunez darama pisua. Melankoliaz. Ganoraz. Topiko egokiz lepo ditu hemerotekak. Aipu sakonen bildumagilea da. Pentsalari larria. Arinkeriaren salatzailea. Saldo eta artaldetatik aparte dabil. Jendartearen baldarkerietatik ihes egiten du. Lagunen laguna. Historiak arrazoia eman dio. Gaztarotik asmatu du bidea. Profeta ez onartua. Euskal utopiara bere burua lotuko luke hain erdipurdikoa izango ez balitz. Izango dira munduan zehar liluragarriagoak, bera erakartzeko moldekoak.
Elite sinbolikoen bereizteko joera ezaguna: independentzia pertsonala, banakako askatasuna, sormen indibiduala, sofistikazioa estilistikoa. Intelektual organikoen salda. Bitartean, jendartearen errealitatea zatarra, zikina edo gatazkatsua da. Hemen eta Madrilen.
Eñaut Elorrietak Mario Benedettiri musika jarri dio:
“Ametsetan al dago nire zain?/ Zein ametsetan?/ Zein lainoaren azpian?/ Eta zenbat gorpuren gainean?” ( Non dago nire herria)