Gorka Urbizu kantuan aritu zen Euskalerria irratian.
Hiru disko, 20 kantu. Hori guztia bildu du Berri Txarrak taldeak bere azken lanean, Denbora da poligrafo bakarra. Taldearen 20 urteko ibilbidearen emaitza da lan hirukoitza. Euskalerria irratian gaur entzun ditugu Gorka Urbizu eta Galder Izagirre. Elkar aretoa mukuru bete zuten atzo Iruñean eta egunotan aurkezpen gehiago egiten ari dira Euskal Herrian barna. (behean elkarrizketa entzuteko aukera)
Berri Txarrak rock hirukoa Nafarroako Lekunberrin sortu zen 1994an. Ordutik zortzi disko, bilduma-lan bat eta dokumental bat argitaratuak ditu, ale bakoitzean jarrera eta garapen geldiezina erakutsiaz. Izaera honek zailduta, taldea gauza izan da bi hamarkadatan zehar bere entzulego zabala ezustean harrapatu eta eten gabe bide berriak irekitzeko, erosotasun artistikotik ihesi. Azken lan honek ere, horixe dakar.
SUTXAKURRAK
‘Haria’ (2011) diskoaren grabaketan piztu zen elkarrenganako lilurak Ross Robinson-BTX elkarlan artistikoan urrats berri bat ematera eraman gintuen. At The Drive-In, Slipknot, The Cure eta abar luze batekin lan egindako ekoizleak alderdi emozional eta hare espirituala lehenesten ditu, musikariaren erraiak hatz puntekin ukitu eta tripetatik egindako interpretazioen bila beti.
HELDULEKU GUZTIAK
Estilo-ariketa honetan abesti sorta berezia prestatu genuen bigarren EP-rako, aurreiritzi guztiak alboratuta. Indie eszenan ezaguna den Ricky Falkner (Standstill, Lori Meyers, Love of Lesbian…) Bartzelonako ekoizlearen atea jotzea erabaki genuen, gure ohiko soinukera (horrek inongo zentzurik badu) beste norabaitera eramango zuelakoan. Hitz ilunkarak nagusi kantuon oinarrian.
XAKE-MATE KULTURAL BAT
Punk rockaren historian ezinbesteko izena dugu Bill Stevenson: Black Flag, Descendents, All, Only Crime eta baita The Lemonheads taldeetan bateria jotzaile, ezaguna da azken urteotan AEB-ko punk ekoizle gisa egindako disko andanarengatik: Rise Against, NoFX, Alkaline Trio… Jason Livermore ingeniaria beti alboan duela.EP honetan kantu laburrak eta zuzenak dira nagusi: bi minutu inguruko bala azkarrak oro har, The Blasting Room estudio mitikoan gela berean, estilo zaharrera astebetean grabatu eta nahastutakoak.
https://www.youtube.com/watch?v=AqmBxz2XFcA
Pello Argiñarenarekin izan ziren Galder Izagirre eta Gorka Urbizu.
Igor Eskudero teknikoa bizkarrez, Galder Izagirre, Pello Argiñarena eta Gorka Urbizu.