Elixabete Garmendia: Itzulerako pozak

Euskalerria Irratia 2014ko aza. 25a, 12:40

Emakume sendoa pikotxean, aurrean harria duela… lehen begiradan harri jasotzailearen planta har dakioke, baina harri hori, izatekotan, metaforikoa da: 1984ko martxoan, Pasaiako portuan, poliziak hil zituen Komando Autonomoetako lau kideen omenezko monolitoa omen da. Azpeitian dagoen monolitoa, azpeitiarrak baitziren haietako bi.

Urte hartan, 1984an, deportatu zuten Mari Angeles Artola, Ipar Euskal Herritik Venezuelara, eta orain, hogeita hamar urtera, itzuli da herrira. Bere biografia Joseba Zulaika antropologoak argitaratu berri duen “Vieja luna de Bilbao” liburuan txertatu liteke nolabait. Izan ere, bere belaunaldiaren kronikak egiten ditu hor Zulaikak, eta marrazten du lerro bat Txabi Etxebarrieta ardatz duena; Etxebarrieta, ETAko buruzagietako bat, ETAkoen lehen hilketa burutu zuena; ETAko lehen hildakoa.

Mari Angeles Artolaren ibilbidea nahiko paradigmatikoa da. “Modu naturalean” sartu omen zen politikako kontuetan; Euskal Herria “iraultza aurreko fasean” zegoela uste omen zuten; “sentsibilitate feminista” bazeukatela batzuek… Hor, belaunaldi hartako askok partekatzen zuten mundu ikuskeraren printzak.

Mari Angelesek, Azpeitiaren tankera berria ikusita, poztu duten bi motibo aitortu dizkio kazetariari: bata, kartzela zaharrean osasun etxea dagoelako eta bestea, eliza zen batean, kultur etxea. Iraultza ez zen iritsi, baina…

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!