Alde zaharrean tabernek auzokideen bizitza baldintzatzen dute. Beste garaietan batzuen ogibidea izan da, pertsona saldoen aterpea, langileen solaserako gunea, ezagunen berri edukitzeko txokoa, jateko eta bizitza itotzeko lekua.
Gero eta gehiago dira bizilagunak ernegatu, kalea pribatizatu eta auzoa kolonizatzen dituzten negozioak. Egunez eta gauez. Lantegi txikiak, janari dendak edo komertzioak desagertu diren tokietan irekitzen dira. Eskuin politikoak merkatu askearen gezurra astintzen du horren alde, baldintzarik gabe, mugarik gabe jokatzeko. Ezker politikotik, jaien ohituren aldarriarekin, auzokide eta tabernarien bitartekaritza proposatzen dute. Gertatzen ari dena inorentzat ez omen da arazo politikoa. Dirudienez, merkatu askearen eguneroko bortizkeriaren legea jartzea, auzoa indarrez eraldatzea, auzotarren eskubideen aurka aritzea ez da gai politikoa. Babesik gabe sentitzen dugu gure burua.
David Harveyek aldarrikatzen du hiriarekiko eskubidea dugula:
“Sortu nahi dugun hiriaren eztabaida bat dator nahi ditugun giza harremanekin, naturarekiko loturekin, bizi tankerekin, teknologiarekin eta balore estetikoekin. Hiriarekiko eskubidea ez datza eskaintzen dituen baliabideen norbanakoaren jabetzaz. Hori baino lehenago, gu geu, hiria aldatzen dugun bitartean, aldatzeko eskubidean datza. Beraz, eskubide komuna da hirian diren prozesuetan botere kolektiboen parte hartzea.”
Hiria egin eta berregin horretan, gu ere egin eta berregiten garen bitartean.