Emilio Lledori eman diote Letren Espainiako Sari Nazionala. Pozgarria da, dudarik gabe, Lledo pentsalari handia delako, goi mailakoa eta atsegina, apala, jakintsu guztiak bezala. Baina pozgarriagoa litzateke saria eman dioten politikariek haren libururen bat hartuko balute –azkena, esaterako- hor esaten dituenak kontuan hartzeko.
“Los libros y la libertad” da Lledoren azken liburua, iaz argitaratua. Hor Lledok kulturaren gaineko gogoeta zoragarria eskaintzen digu. Hona hemen nire aleak azpimarratuta dituen ideietako bat: “Liburua denbora gordetzen duen ontzia da”. Bizitzaren esperientzia ahanzturara zegoen kondenatuta, harik eta liburua asmatu zen arte. Geroztik hortxe ditugu gure aurrekoen esanak, nahiak, ametsak… gure esku, gure bizitzaren aberasgarri.
Irakaskuntzaz ere hitz ederrak ditugu, horien artean gaur bolo-bolo dabilen eleaniztasunaz ere gogoeta interesgarri eta kritikoa.
Demokrazia ere hizpide du, eta baita gerrako zauriak ere.
Lledok, filosofia ikasketak amaituta, kartoizko maletatxoa hartu eta Alemaniara joan behar izan zuen, Francoren Espainia hura itogarria zelako. Franco hil ondorengo unibertsitateak ere baztertu egin zuen. Adierazgarria hori ere.
Orain, esan bezala, Espainiar Gobernuak saria eman dio. Hobe haren testuren bat irakurriko balute. “Los libros y la libertad” liburuan jasotakoak, esate baterako.