Politika zaharra agortuta dago, politika berriaren garaia da. Halako mezuak errepikatzen dira gaur egun eta nabarmena da errotiko aldaketak behar ditugula, baina politika berriaren mozorroaren azpian, sarritan, politika zaharra besterik ez dago: arrain fresku gisa saldu nahi digutena aspaldi usteldu zen.
Esaterako, indarberrituta datozkigu Madriletik euskal nazionalista paletoen kontrako mezuak, Monedero eta beste batzuen bidez. Nafarroaren estatusa eta euskal lurraldeen arteko harremana erabaki nahi izatea, nazionalisten huskeriak dira. Espainiar Estatu osorako planak Madrilen eta Madriletik egitea, neutrala da, normala, naturala, guk gureaz gurean erabaki nahi izatea, nazionalismoa, ordea. Gure munduan itxita eta isolatuta bizi garenez ez omen gara ohartu, baina modernoena Nafarroaren inguruko erabakiak Madrilen hartzea da. Eta politika berria esaten diote honi, to!