Deabrua garai bateko mundu on eta perfektutik ihes egindako izakia omen da, badakizue, aingeru errebelatua. Hark Jainkoaren aginduei uko egin eta zerutik alde egitea deliberatu zuen, eta geroztik dualtasuna nagusi da munduan; horrela, indio eta bakeroen pelikuletan bezalaxe, Ongia dugu alde batean, eta Gaizkia bestean. Normalean, Ongia eskuinaldean egoten da eta Gaizkia ezkerraldean, Euskalerriko mapan argi eta garbi ikusten den bezala; mapamundi bat zabalduz gero, ordea, Ongia Mendebaldean ageri da, eta Gaizkia Ekialdean; Ekialde Hurbilean, Ertainean eta Urrunean, gainera... Laburbiltzeko, Gaizkia gu ez garen tokian egoten da beti.
Deabrua gure baitatik urrun kokatzeko ahalegin hori oso erosoa da guretako, horrela, tentazioa lekututa, garbi, txintxo eta prestu agertzen baikara denok elkarren aurrean. Baina kasu, bistan da hemen denok garela neurri batean deabru, eta demonio-buztana gordean uzkurturik ibiltzen garela, trajeak, sotanak, txandalak edo bestelako ardi-larruak gainetik paratuta.
Hobe genuke behingoz nolakoak garen onartuko bagenu, gizarte guztiaren hobe beharrez. Beraz, agintari horiek, jauregi zaharretako ate-leihoak zabaltzeko garaia da, bertako korridore eta bulegoetan argia sartu eta herritar xumeok zuen eskuak garden ikusteko moduan egon gaitezen.
Hala bedi, bitartean segi bizkor, lagunok, Jainkoa lagun eta Deabrua adiskide!