Argazki pareak ez du ezer berezirik; ezkerrekoan Jose Javier Esparza ageri da, mikroz inguratua, atzoko agerpenean, alegia, foru hauteskundeetan UPNko zerrendaburu izan nahi duela iragarriz; Barcinaren hutsunea betetzera datorrela, noski.
Eskuinekoan, Kontuz-eko Patxi Zamora dago, hau ere mikrofono mordoa duela aurrean, eta eskuetan atzo erakutsitako dokumentu bat dauka; ozta-ozta irakur daiteke argazkian Proyecto Noel, Deloitte eta CaixaBank.
Argazkiak konbentzionalak dira oso, baina zeinu ikurrez beterik iristen zaizkit garunera, galdera eta harridura ikurrez markatuak. Atzo, telebistako irudietan, arraro samarra gertatu zitzaidan Esparzak bere erabakiaren berri eman zuen modua: kanpoan, berokia soinean, korrika eta presaka balebil bezala, tamaina horretako albiste bat bide batez bezala ematen… Berriako kronikak argitu dit Tokiko administrazio departamentuaren kanpoaldean egin zituela adierazpenak, kale gorrian alegia. Galdera eta harridura marka gehiago???!!!
Patxi Zamoraren agerraldiko argazkia Joxerra Senarren kronikak argitzen du, Noel proiektua eta beste zer diren azalduz; idatzi hori irakurri ondoren, galdera eta harridura zeinuek garuna ez ezik, sabela zulatzen dute, iltzeak irentsi izan bazenitu bezala. Eta analisian Senarrek zabaltzen duen bidea… Martxa honetan, galdera eta harridura marka guztiak agortu behar dituzue Nafarroan.