Argazkian estatu espainarraren mapa bat eta autonomia erkidego bakoitzaren gainean zenbaki bat. Zenbakiak adierazten du zenbat agintari dauzkan erkidego horrek auzipetuta ustelkeria dela eta. Guztira ia 1.700 batu ditut. Eta kopurua gora doa.
Esango nuke zorionez gero eta gehiago dakigula, gero eta posibleago dela ikerketan aurrera egitea. Izango da beldur asko gainditzen ari direlako edo hainbat epaile tematu direlako, baina kontua da gero eta zailago zaiela ustelei haien miseriak estaltzea.
Eta miseriak bistaratu ahala ohartzen gara zenbateraino bete den Lluis Llachek 68an idatzi zuen profezia, estaka ustelarena. Badakigu ordea zer egin behar den: denon artean hura bota, denok aska gaitezen. Eta gero ere indar egiten jarraitu, estaka berria ustel ez dadin.
Nik behintzat hori ulertzen dut errejimena aldatzeaz ari garenean.