Fernando Mendiola: Ablitaseko aerodromoa, Felix Huarte eta NATOko hegazkinak

Euskalerria Irratia 2014ko azaroaren 14a

Gerra zibilaren garaian Ablitasen ibili zen lanean Huarte y Cía enpresa, bertako aerodromoa eraikitzen. Ez dakigu momentuan lanak kobratu ote zituen, baina Felix Huartek ongi zekien negozio ona izango zela militar matxinatuei laguntzea, eta horiexetan ibili zen gerran zehar, Errepublikako gobernua suntsitu arte. Ablitaseko aerodromoan, bestalde, 63. Langile Batailoia ere aritu zen lanean orduan, gatibu antifaxistek osaturik. Erabili ote zituen Huarteren enpresak? Baliteke, baina gaur egun ez dugu horren konfirmaziorik.

Diktadura garaian negozio ederrak egin zituen Huartek, beti ere boterearen arrimuan. Erorien Ibarra izeneko monumentuan ere ibili zen enpresa, 1950tik aurrera, hain justu bertan zeuden presoen zigor destakamenduak itxi ondoren. Huartek, beraz, ez zituen bertan langile presoak erabili, batzuetan salatu den bezala, baina negozio ederra egin zuen diktadorearen omenezko gurutze erraldoia eraikitzean. Business is Business, azken batean, esan dute beti diktaduren enpresari konplizek.

Argentinan epaibidean jarri dituzte berriki horietako batzuk, Videlari emandako laguntza dela medio, baina hemen, Nafarroan, Urrezko Domina eman nahi dio Felix Huarteri Barcinaren gobernuak. Business, azken batean, negozioak, giza eskubideak baino askoz garrantzitsuagoak baitira batzuentzat, lehen eta orain.

Gaur egun, hain zuzen ere, Ablitasen dagoen gerra garaiko aerodromo hori, frankismoaren kontzentrazio unibertsoaren puntu txiki hori, NATOko gerra hegazkinak trebatzeko erabiltzen da, guregandik urrun batzuen negozioak zaintzeko. Business is Business, bai, baina askotan gerraren beharra izaten dute negozio gizonek herriak eta langileak kontrolpean eduki ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!