Aurreko astean progresoa eta demokraziaren erreferente handiak amildu dira: Obama, Guerra, Hollande. Sozialdemokraziaren morge erraldoian Brand, González, Mitterand, Blair eta beste gorpu askorekin pilatuko dira. Merkatu sainduek herritarrak zapaltzeko tresna paregabea izan dira. Natura eta jendartea merkatuen esanetara belaunikatzeko bidean ezinbestekoak.
Ergelak garen guztioi historiaren ezinbesteko bidea, bakarra omen dena, erakutsi digute. Lezio moralak eman dizkigute. Bortizkeria zabaldu dute eta besteak izan dira bortitz eroak, demokrata engaiatuak askatasunak murriztuz, sozialista zintzoak besteengan pobrezia inposatu duten bitartean. Eskuineko politikak bermatu dituzte eskuina eskuinetik gaindituz. Konplexurik gabe. Gure basque-intelektualek, zuzentasun politikoaren itsasargiak direnak, goraipatu dituzte Akademiatik edo Prisaren hegalpetik. Hor dira hemeroteka gupidagabeak.
Morgerako bidea Itxaro Bordak argitzen digu:
“Argi dago: gerra isila oihar dabil bazterretan./ Legerik gabeko guda zelaiaren erdian/ berregituratze hegemoniko baten/ minean aurkitzen gara/ eskuak hutsik/ aluak idorrik/ hautsez itorik.// Argi dago: auto-saindutu diren merkatuek/ biluzi herritarren haserrea zapaltzeko/ tresna soila bihurtu da estatua./ Ozen dabilen gerra sakratuaren/ minean aurkitzen gara/(…)”