Barkatuko nauzue izenburua gaztelaniaz jartzeagatik euskarazko irrati batean. Baina errealitatean horrela da; ez Iruñeko, ez Noaingo, ez aireportua: aeropuerto de Pamplona-Noain.
Baina gaurko gaia ez zen hizkuntza, baizik eta erokeria/harrokeria edo, ziur aski, ustelkeria, ala guztien nahasketa; edozein kasutan, diru publikoaren erabilera desegokia, otzan, otzan esanda.
Historia hauxe da: beste egunean, aireportura joan nintzen senide baten bila. Gaueko 21:00ak ziren. Ni heldu nintzenean beste abioi bat zetorren, nahiko atzerapenarekin, berehala Madrilera itzultzeko.
Nahiz eta bi abioi bertan egon eta hiru bidai martxan, eraikinak basamortua zirudien. Oso bidaiari gutxi ikusten zen, langile gutxiago (inor ez informazioan, ezta Iberia eremuetan ere; bat taberna-jatetxean; beste bi kotxe alokairutan; garbitzaile bat …) eta "pikolo" bat.
Egun, astean zehar zazpi joan-etorriko bidai egiten dira, denak Madrila ez besterik; asteburuetan gutxiago. Hala ere, 2010eko azaroan aireportuaren ahalmena bikoiztu egin zen, dirutza gastatuz. Norentzat? Ze bidaiarentzat?
Ai, nafar batzuen harrokeria, alderdi eta pertsona batzuen ustelkeria! Bada hau dena aldatzeko ordua, ezta?