Batzuetan betiko zurrunbiloan sarturik gaudela ematen badu ere, zerbait aldatzen ari da. Bob Dylanen aspaldiko kantu hura gogora genezake: “The times are changing”. Hurbilagoko baten kantua nahiago baduzue, gogoratu Benito Lertxundiren “Denborak”, mezu bera baitu: “Denborak aldatzen dira, denborak aldatzen doaz”.
Hiru adibide, hurbilenetik hasita: ETAren biolentzia iraganeko kontua da. Betidanik autonomiaren aldekoak ziren katalanek, orain independentzia nahi dute. Eta Espainian alderdi politiko berri batek sekulako lurrikara sortu du, hamarkadetako bipartidismoa hautsiz eta beste biak dardarka utziz.
Egia da, denborak aldatzen ari dira, dena azkar mugitzen ari da, baina ez dakigu nondik eta nola aterako garen zurrunbilo honetatik. Gizartearen ajeak ikusita, argi dago sakoneko aldaketa behar dela. Erronka, ordea, ez da nolanahikoa. Kontuan hartu askotan gauza batzuk aldatu behar direla funtsezkorik alda ez dadin. Horixe izanen da Espainian orain arte jaun eta jabe izan diren bi alderdien estrategia: zerbait aldatu lehengoan segitzeko.