Amagoia Iban: Zapo hizketa

Euskalerria Irratia 2014ko azaroaren 6a

Argazkia ez, disko bat aipatu nahi dut lehenik. Urre gorria balitz bezala daukat pausatua etxeko apaletan. APOAREN EDERTASUNA izena du. Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek ondua da, eta zatar ofizialen edertasuna aldarrikatzen du.

Zatar ofizialak.

Apoak.

Zapoak.

Eta argazkian, orain bai, gizon bat. Ile zuritua. Zuriagoa elea. Badakiela murgiltze eredua dela euskara biziberritzeko tresnarik eraginkorrena, baina legeak ez diola uzten hori laguntzen. Jakin badakien arren haur batzuen eskubideak urratzen ari dela. “Ez dut betebehar moralik sentitzen Seaskako arduradunei begira”. Hara zer dioen.

Ikastola jatorrian ideia independentisten hazlekua izan dela. Donostiatik eta Durangotik bidalitako autobusek hartuko dutela Ziburu larunbatean.

Ezagun dugun BADATOZ BASKOAK mantraren bertsioa, Guy Poulou auzapezaren ahotan: BADATOZ ESPAINIARRAK.

Apoak irensteko prest dagoela irakurri diot oraintxe bertan BERRIAn, baina Tapiaren kantako hitzak ekarri dizkit gogora:

Apo, apo

Isilik hago!

Isilik hago!

Ene zapatapean...

Isilik hago!

Zapo hizkeran segitu beharko, beraz, apo ez-ofizial zatar ez besteok.

Kaskarotenea ikastolako putzuan etzi.

Etxepeko karrikan etzidamu.

Saltokian etzi-etzidamu.

Logelan etzi-etzi-etzidamu.

E(PE)USKA(PA)RA(PA)Z

BI(PI)ZI(PI)

NA(PA)HI

DU(PU)T

Damurik gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!