Gaurko argazkian gizon serio bat dago, traje eta korbatarekin. Autonomia erkidego guztietako egunkariek errepikatu dute argazkia, bertan dagoen gizon serioa ezberdina den arren. Nola liteke argazkia errepikatua izatea, protagonista ezberdina bada? Misterioa ulertzen da jakitean Forbes aldizkariak aberatsenen zerrenda argitaratu duela, eta autonomia erkidego bakoitzaren egunkariak laster hasi direla herriko aberatsena zein den bilatzen. Emaitza argazki bakarra da, nahiz eta argazkiaren protagonista ezberdina izan; itxuraz baizik ez baita ezberdina, funtsean bat eta bera baita, milioiak gorabehera. Egin ditudan kalkuluen arabera, gure herriko aberatsena gaurtik aurrera ehun urte biziko balitz, eta egunero 4000 euro gastatuko balitu, oraindik geldituko litzaioke zu, entzule maitea, eta bion artean, sekula edukiko ez dugun fortuna bat. Eta kontuz, gure herriko aberatsa ez da ez eta Estatuko rankinean agertzen, eta estatukoak apenas agertzen dira mundukoan. Mundua ulertzea hau ulertzea bezain erraza –eta bezain konplikatua– da.