Pentsatu izan genuen kultura falta zela gure arazorik larriena. Kulturgintzari efektu sendagarri eta iraultzaileak aitortu dizkiogu. Uste izan dugu jendartearen kultur maila handitzearekin batera askeagoak eta justuagoak izango ginela. Dena kritikagarri izan zitekeen. Kulturaren aurrean, azterketarik gabe, belaunikatu gara. Ilustraziotik jaso dugun herentziaren alde inuzente eta sinplearen ezpala da.
Topikoa da esatea Iruñea kultur basamortua dela. Historia hurbilera jotzen badugu, esaten zaigu Iruñea iparraldeko Atenas izan zela. Tarte labur batean idazle, filosofo, margolari, arkitekto edo historiagileen ohiz kanpoko bilgunea izan zen. 1936ko uda ankerrean hemen izan ziren itzal handiko kulturgintzako eragileak: André Salmon, Foxá, Ridruejo, Iribarren, Laín Entralgo, Torrente Ballester, Eusa, Rosales, Pascual edo Vivanco. Iruñeko prentsan argitara eman ziren Sánchez Mazas, Pérez Salazar edo Victor de la Sernaren idazkiak. Ezinbesteko hauen ondoan errotatiba, bulego eta kaleetan pistolariak: Moreno, Beorlegui edo Santesteban. Luma eta ezpata. Liburuak eta heriotzaren kotxeak harmonian.
Terry Eagletonek, bere ohiko ironia bikaina erabiliz, idatzi du: “Poetek pentsatzen dute ohiko arau moraletatik haratago daudela. Beraien sentimenduekiko kultu egozentrikoak eramaten ditu premia pertsonalak besteen eskubideen gainetik jasotzera, eta hau guztia onartzeko erakusten duten inozentzia duten heldutasun moral ezaren adierazle da.”
Berdin poeta, margolari edo filosofo. Kulturaren ustezko xalotasuna.