PSN-k baietza eman omen dio euskararen legearen aldaketa proiektuari; bi hilabeteko eztabaida falta da zertan gauzatzen den jakiteko. Benetako eragina garatuko duen dekretuan ikusiko da; konkretuan, denborak esanen digu; ene ustez, aldaketa oso txikia da. Hala ere, dagoenak garrantzia dauka, maila sinbolikoan; karea, bada.
Baina, gauza garrantzitsuekin (eta haientzat garrantzia duena dirua da, zer bestela?) kamioi bat hare. Zergak direla eta, UPNren proposamenari ezetza eman ondoren, PSN-k bere aurreproiektua azaldu du. Beste alderdien iritziz, berdina ez bada ere, antzekoa, oso antzekoa. Azken finean, diru publikoa murriztu, batez ere dirudunen alde joz.
Gauzak sakonki aldatzen saiatzeko askoz ere engaiamendu sozial gehiago falta dugu nafar gizartean. Baina gutxienez, eta bakarrik instituzioei begira, datozen hauteskundeetan espero dezagun gauza izatea bi alderdi horiek gobernutik botatzeko, beste eraz aritzeko res publikoan. Hala bedi!