Musika jotzen -berari gustatzen zaion moduan-, hala ikusi dut gaurko protagonista. Biola eskuan, bufanda urdina lepoan, partiturari begira... halaxe dago Jordi Savall argazkian. Jordi Savall antzinako musikan da aditua, barrokoan batez ere.
Eta Jordi Savallek Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi du. Uko egin dio. Uko egin dio ohore horri. Uko egin die sariaren hogeita hamar mila euroei.
Erabaki hori hartu du Madrilgo Gobernuaren politika kulturala salatzeko. Gobernu espainiarraren interes falta eta inkonpetentzia salatzeko. Erabaki hori hartu du musikariak bere printzipioei eusteko. Halaxe deklaratu du.
Duela hamabost egun, Kataluniako Parlamentuaren Urregorrizko Domina irabazi zuen Jordi Savallek. Hari ez zion uko egin.