Cofely dugu Madrilgo azken ustelkeria sarean nagusi agertzen den enpresa. Eta, gaur prentsan agertu denez, Cofelyk badu bere hari-mutur nafarra. Instalazio bat Orikainen, eta kontratu handi samar bat Tuterako nekazaritzako elikagaien hiriarekin. Trankil egon gaitezen, hala ere. Madril inguruko kontratuak susmopean daude. Nafarroakoa ez. Nola egonen da kontratu bat susmopean Nafarroan? Nafarroa desberdina da. Nafarroan ez dago ustelkeriarik. Edo baldin badago, inork ez du ikertzen. Ez, bederen, fiskaltzak. Ez, bederen, epaileek, ofizioz. Ez, bederen, guardia zibilak. Inork ikertzekotan, bertze batzuk izanen dira ikertzaileak, eta ez agintearen ingurukoak. Ustelkeriari dagokionez ere, estatu arrazoiak agintzen du Nafarroan.