Aitor Etxarte: Isiltasuna

Euskalerria Irratia 2014ko urriaren 27a

Miguel Sánchez Ostizek bere azken lana aurkeztu du. Aurreko liburuan nabarmentzen zuen Molarentzat matxinada militarrak muturreko bortizkeria eduki behar zuela. Oraingo “La sombra del escarmiento” liburuan erakusten du 1936ko estatu kolpeak ireki zuen zikloa ez dela iragana, haren ondorioz irabazleak edo galtzaileak garela. Eskarmentu ahaztezinaren protagonista zuzenak, fusilamendu edo salaketetan aritutakoak, goxo-goxo hil dira. Bizitza errespetagarria osatu dute, bilobentzako aitona maitagarriak izan dira, familiarako amona eredugarriak, kanposantuetan hartu dute atseden eta ondorengoentzat ondasunak utzi dituzte.

Nork aitortu zuen egindakoa? Nork damua edo errukia erakutsi? Nor adiskidetu zen hildakoen senideekin?

Janet Flanner, idazle eta feminista ezaguna, urte luzez The New Yorker egunkariak Parisen zuen korrespontsala izan zen. 1945eko martxoaren 19an Estatu Batuaren 1.Armadarekin batera Alemaniako Kolonian sartzen da. Hiria guztiz suntsitua dago, bere zerumuga galdu du, katedralaren espektro beltza bakartua ageri da hondamenaren erdian. Zutik diren hormetan itsatsi diren paperezko kartelek grafia gotikoz diote: “Isiltasuna garaipena da”, “Isiltzea irabaztea da”.

Gerraren ostean nazismoaren aurkako alemaniak galtzaileak izan ziren. Isiltasunak bere fruituak eman zituen. Nafarroan isiltasunari esker irabazleen itzalaren menpe jarraitzen dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!