Gogoan dut “Los españoles que dejaron de serlo” liburua. Hamazazpi urteko gaztetxoa nintzela irakurri nuen. Gustura, edukia ez ezik, idazkera ere oso erakargarria iruditu zitzaidalako.
Gregorio Moran kazetaria zen egilea. Ondoren, hainbat egunkaritan aritzeaz gain beste liburu batzuk kaleratu zituen, politikari lotuak denak, horien artean Adolfo Suarezen biografia kritikoa. Horrexegatik, kritikoa zelako, nekez aurkituko duzue liburutegi publikoetan.
Orain “El cura y los mandarines” kaleratu behar zuen, Planeta taldearekin. Ba, ez. Larak zentsuratu egin du Kultura eta politikaren arteko harremanak aztertzen dituen liburua. Zati batzuk kendu ezean, ez zutela argitaratuko esan zioten. Eta kazetariak ezezkoa eman du. Azkenean, badirudi beste argitaletxe batek kaleratuko duela.
Begira zer dioen Miguel Sanchez-Ostizek bere azken liburuan: Espainian dagoen iruzur maila lotsagarriak 36ko gerra zibila eta ondorengo errepresio-giroan du jatorria, garai hartan irabazleek lege bihurtu zutelako lapurreta. Eta zentsuratzeko tema hori ere ez al da garai hartatik gainditu gabeko jarrera antidemokratikoa?