Gaurko argazkiak bospasei egun ditu, baina zoritxarrez ez du gaurkotasunik galdu. Argazkiaren egiazko protagonista objektu bizigabe bat da, beltza eta plastikozkoa. Gizonezko batek eusten dio objektu horri, Espainiako kongresuan, Etxeberria deiturako neska batek komisarian alua eta ipurtzuloa baselinaz nola igurtzi zioten, gero makila bat sartzeko salatu duelako, eta torturaz arduratzen diren nazioarteko erakundeek eta tribunalek guztiz sinesgarritzat jotzen dituztelako salaketak. Baina argazkiaren egiazko protagonista plastikozko poltsa da; ez da eusten dion gizona, ez gelan dauden gainerako gizonak, ez horien lotsa edo eta lotsa falta ere, plastikozko poltsa baizik. Torturatzeko erabiltzen delako, noski. Baina baita askok, gure herrian, torturari ez ikusia egiteko erabili duten estalkiaren sinboloa delako ere.