Horman nagusi German Rodriguezen erretratua; bere betiko argazkiaren gainean, pintzelkadak, tantoak… paineluaren gorria eta odolarena bat eginda.
Zurezko paretan beste irudi asko daude erantsita: argazkiak, bozetoak… Kazetariak, Iker Tubiak, “kaos ordenatu” gisa definitu du Xabier Morrasen tailerra. Kafea hartuz egin diote errepasoa kazetariak eta artistak, beronen ibilbideari: 60ko hamarkadako Iruñea itotik Londresera, egurastera; Moreno Galvanek Iruñeko Eskola deitu zuen margolari taldea; Arte Topaketak 1972an...
Bide batez bere pinturari buruzko zertzeladak marrazten ditu artistak: autobiografikoa dela, ezagutzen eta bizi duen hura margotzen duelako. Berea grisen mundua dela, hori delako hemen daukagun gama kromatikoa. Eta hirugarren ezaugarri bat ere apuntatzen du Morrasek, hauxe dioenean: “Nire koadroak ez dira bizikide errazak, gogoeta bultzatzen duen narrazio ildoa baitute”.
Hortik doa Amaiur, 2022rako bukatu asmo duen obra erraldoia. 1512ko borrokalarien lekuan Nafarroako gaur egungo erresistenteak jartzen ditu; 135 omen dira pintatuta dauzkanak, 200era iritsi nahi du… Egia esan, materialik ez zaio faltako, kopuru horretara heltzeko.
Amaiurrek badauka tiraizoa; urriaren 11an, larunbat arratsaldea, ikusle ilara bat baino gehiago zeuden koadroaren aurrean, Waliren bila bezala, ezagunak deskubritzen. Alboan, txanda hartu behar zen artistarekin hitz egiteko. Morrasen erakusketa topaleku zen, batez ere, arratsalde horretan behintzat.