Audientzia Nazionaletik ari dira ateratzen gaurko argazkiko protagonistak. Maletin gorri distiratsuarekin dator Rodrigo Rato; antzeko beltz bat dakar Miguel Blesak. Fernando Andreu epaileak hemeretzi milioiko fidantza ezarri die.
Caja Madriden eskandalu-katearen azken urratsa da, oraingoz, kreditu-txartel beltzen afera. Zaila da hitzik aurkitzea hor ari dena gertatzen deskribatzeko.
Deskribapena hasteko, ignominia hitza etorri zait burura. Hiztegiari arrazoi emanez gero, berba horren kideko dira: desohore, lotsa, bidegabekeria eta iraina. Ondoren bula etorri zait, bai bula. Bula handiarekin ibili baitira gizon horiek Espainiako lau bazterretan.
Eta bularen aitzakiarekin, behinola aitaginarreba zenari entzun nion definizioa etorri zait gogora. “Bula? Zer den bula? Bada, bula da pobreari egiten zaion burla”.
Espainiako bankak bizi duen esperpentoa deskribatzeko, ez zait hitz-kate egokiagorik bururatzen: bula, pobreari egiten zaion burla…