Berriaren balioak ez du parekorik. Kotxea berria izan behar edo telefonoa. Kontsumoaren adierazleak dira. Merkaturatu den luxuzko azkena goi mailako objektu da. Erosle esklusiboa bihurtzen duena. Etxeko apaletan edo lagunen aurrean nabarmen erakustekoa dena. Arrakasta pertsonalaren seinaleak.
Gaztelu plazako azokan liburu zaharrak, higatuak, akasdunak izan dira. Behin bizi izan dira eta zaharkitu ondoren akituak daude, etxeko apaletatik kanporatuak, desagerpen fisikotik gertu. Behe-beheko mailan dira, objektuen lumpem klasea dira.
Egun hauetan topatu gara biltzaile errariak, Lévi-Straussek bricoleur deitzen zituenak, liburu abandonatuak jaso eta bizitza berriak eman nahi dizkiogunak. Objektu erabiliak eta gizakiak hamaika lotura berrietan izan gaitezkeelako harremanetan. Behin ukitu, irakurri edo entzun ondoren hariak bukatzen ez direlako. Baztertutako trasteak gizartearen metafora direlako: distirarik ez daukana ezabatu egiten da, ezlekuetara kondenatzen dugu.
Duchamp bezalakoa sentitu naiz artearen abangoardietatik ezaguna dugun ready-made bat egiteko listo: tokiz kanpo dagoena jaso, hauspotu eta erdira ekartzeko prest.
Bertolt Brechten, 1932. urteko poema batek dio: “Objektu guztietatik gehien maite ditudanak erabiliak dira.”