Aspaldi datorkio eskuinari liburuen kontrako obsesioa. Bereziki Espainiako eskuinari, eta, finean, Iribasek eta UPNek, espainiar izan nahi dute eta Espainia dute jomuga. Ez da harritzekoa, beraz, edozein aitzakia baliatzea oso barnetik ateratzen zaien gorrotoari ate guziak irekitzeko. Bestalde, eta obsesioak mintzagai, Euskal Herria da bestea. Espainiarekiko maitasunaren onerako, erroak erre behar. Horregatik Euskal Herriaren defendatzaile sutsua izan zen nafar eskuinak indar oroz gorrotatzen du orain. Iribasek ederki islatzen ditu bi obsesio hauek.
Bide honetatik etorriko dira, ziurrenik, hurrengo hilabeteak. Eskuinak bere obsesioak astinduko ditu, zaleak mobilizatzeko asmoz. Besteok, berriz, urdaiaren deialdiei sorbalda eman eta aldaketaren bidea ilusioaz jantzi beharko genuke, ene ustetan. Menturaz, piztu nahi duten suan kixkaliko dira liburu erretzaileak.