Elixabete Garmendia: Plastikozko poltsa burutik behera

Euskalerria Irratia 2014ko urriaren 7a

Haietako batzuek gerrian lotuta daramatzaten sudaderek jartzen diote, nola esan, bizitza normalaren zantzua taldeari. Hogeita piko gazte, STOP TORTURA dioten kamisetak soinean, eskuetan TORTURARIK EZ edo NO A LA TORTURA adierazten duten kartelak… Dena dela, horraino protesta ekintza nahiko arrunta litzateke; baina lehen lerroari erreparatuz gero, eszenaren dramatikotasun graduak gora egiten du: sei gazte daude belauniko , eskuak atzean –eskuburdinekin lotuta balituzte bezala- eta plastikozko poltsa burutik behera. Hori torturaren irudi ikonikoa da, hemen eta nonahi.

Nahikoa kargatuta datorren argazkiak apenas uzten duen ikusten barreneko pareta, baina han dago Espainiako armarria, eta behin eta berriz errepikatuta koroa. Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian daude gazteak, egun hauetan egiten ari zaizkien epaiketaren lekuan. Hor, Torturaren Salaketa eta Prebentziorako Espainiako Koordinakundeak esku hartu du batetik. Bestetik, eta aldi berean, tortura salaketa guztiak zorrotz aztertzeko eskatu du Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bilduk babestutako adierazpenean. Zenbat urte berandu datoz esku hartze eta adierazpen hauek?

Gerrian lotutako sudaderetan utziko ditut begiak, egunerokotasun arruntean tinkatuta. Torturarenak pasatako kontuak direla sinetsi nahian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!