Ezagunak ditugun moldeetara jotzen dugu. Besteek dute agintea eta gurea aldarrikatzea omen da. Ez da gutxi. Baina ez da nahikoa.
Nafarroan ETB LTD bidez ez ikusteko neurri guztiak martxan dira. Urko Aristik dio: “Gurea den eskubide bat ukatzen zaigu, eta hori ezin da onartu”. Ados. Paula Kasaresek: ”Euskarazko telesaiorik ez izateak haurren hezkuntza portaeretan eragin dezake”. Ados.
Zer ikusteko? ETBren programazioak, berdin EAJ edo PSEren eskuetan, lotsa ematen du. Aztikerrek (Arkaitz Martínez de Albeniz, Edorta Arana) albistegien ikerketa egin ondoren hutsune larriak zerrendatzen zituen: alderdikeria, emakumeen ikusezintasuna, pluraltasun falta, kirolen neurriz gorako agerpena, EAEren mugak gainditzen dituen errealitate soziokulturalari bizkar ematea eta gehiago. Bestelako saioetan antzeko maila du.
Nafarroako euskaldunon komunitateak ETB ikusi nahi du. Guztiok ados gara. Zerbitzu publiko moduan bere huts eta kalitate faltaz, zoritxarrez, ez dugu neurrian solasten. ETB ikusteko aukera mugarik gabe, jakina. Duen komunikazio eredua aldatzeko aukera, ere, zalantzarik gabe.
Yannis Stavrakakis, greziar irakasle ezagunak idatzi du: “Ez da nahikoa aldarrikatzea eta esatea: “pikutara hau eta bestea”, “elkarrekin irabaziko dugu”, “ez gaituzte ordezkatzen” edo “murrizketarik ez”. Hori lehendabiziko urratsa da eta gero lana dator, proiektu komunak bultzatzeko”.