Argazkian Artur Mas katalanen presidenta. Nahi duzuen tokian eta posturan, azken boladan nahi adina argazki atera zaio eta: Diadaren bueltan, kontsulta legea aurkezten, kontsulta deitzen, edo kontsulta bera defendatzen, besteak beste atzo gauean kazetari erasokorraren aurrean...
Horrenbeste argazkirekin, zenbaitek Mas aurkitu egin du; lehen aldiz ikusi, alegia. Eta lilura hitzak ere entzun dira hemen inguruotan: hura Mas agertzen delarik, beste norbait Menos ote den ere iradoki da.
Egungo Mas ez da duela hamar urte zena, aldatu egin da. Eta ez da aldatu barrutik kanpora, baizik eta kanpotik barrura. Testuinguruak aldatu du buruzagia. Katalunian gizarte mugimenduak hartu du politikaren lema eta agenda ezarri. Parlament-a eta Generalitatea eta Mas uhina surfeatzen ari dira. Hau da, Masen indarra uhinarena da.
Eta Menos-en ahulezia ere, bere uhinarena da. Uhin faltarena, hobeto esanda.