Ume beltz bat besoetan hartuta eta irribarretsu, Afrikako Sierra Leonan hartutako argazki batean ikusi dut gaur goizean García Viejo misiolari espainiarra. Ebola gaitzak eraman du. Zuriak gaixotzen eta hiltzen hasi direnean, orduan hasi gara konturatzen maldizioaren indarraz. Eta handia da.
Hogeita hamar urte eginak zituen misiolariak Afrikan, kontinente beltz, pobre eta eriak jota den horretan. Hogeita hamar urte besteei laguntzen. ‘Bere estilora’ esango du baten batek; bai, baina laguntzen.
Misiolariak, kooperanteak, boluntarioak… elkartasuna bizirik da, baita orain ere, hogeita batgarren mende honetan. Ez du beti, halere, ordain ona.
Misiolariak, kooperanteak, boluntarioak… albiste dira deportatzen dituztenean, gaixotzen direnean, zintzurra mozten dietenean.
Zein isildua den haien lana; eta zein gaixoa, komunikazioaren mundua.