Beste errealitateak ezagutuz ikasten dugu. Bartzelona, arlo askotan, Europarako erreferentzia da. Azken hamarkadetan turismoaren eredu masibo eta suntsitzailearen adibide bihurtu da. Googleren bidez dakigu munduko hirietatik hirugarrena dela bertan egiten diren argazki kopuruari begira. 2013. urtean, 1.611.822 biztanle edukiz, 7.450.000 turista jaso zituen. Sagrada Familia inguruko kaleetatik, adibidez, 25.000 pertsona pasa dira egunero. Hiri erdiko auzoen bizimodua degradatu da horren ondorioz: etxebizitzen alokairuek gora egin dute, kaleak kolapsatu egiten dira ordu askotan, arrandegien ordez souvenirren dendak nagusitzen dira, tabernen kopuruak markak hautsi ditu edo plaza eta bazter-zoko publikoak terrazen bidez pribatizatu dira.
Administrazioak depredazio turistiko honen alde egin du eta masifikazioaren berri bakoitza garaipentzat aurkeztu du. Turisme de Barcelonak, adibidez, jakin arazi du pasa den urtean 835 kruzero iritsi zirela 2,5 miloi bidaiariekin, hau da, Ciutat Vellan bizi direnak 250 aldiz. Jordi Clos Ostalarien Elkarteko lehendakariak adierazi du helburua dela 10 milioira iristea Erromaren kopurua berdintzeko. Noren mesederako? Egunero, ostalariek aitortua, turismoak 20 milioi euroko mugimendua sortzen du. Aurreko urtean 1.100 milioi inbertitu ziren higiezinen sektorean, horietatik 460 hotel berriak egiteko.
Gure marka turistikoa Sanferminak dira: balore tradizionalisten mesederako tabernariek alde zaharra mugarik gabe pribatizatzen dutena. Orain, bistan denez, asteburu guztietara zabaldu den marka. Bartzelonan bezala hirigunean bizi garenok kalean bizi eta jolas egin nahi dugu, ostalari eta udal agintarien inposiziorik gabe, kanpoko edo barneko turismo jendetsu gogaikarririk gabe. Alde zaharra hiriko bizitza politiko eta sinbolikoaren gunea izan da eta bizilagunak ohituta gaude egun-pasa edo tramiteak egitera datorren jendearekin bizitzen, baina ezin gara gure etxean baztertuak sentitu.
David Harveyek aldarrikatzen du hiriarekiko eskubide berria dugula.
“Sortu nahi dugun hiriaren eztabaida bat dator nahi ditugun giza harremanekin, naturarekiko loturekin, bizi tankerekin, teknologiarekin eta balore estetikoekin. Hiriarekiko eskubidea ez datza eskaintzen dituen baliabideen norbanakoaren jabetzaz. Hori baino lehenago, gu geu, hiria aldatzen dugun bitartean, aldatzeko eskubidean datza. Beraz, eskubide komuna da hirian diren prozesuetan botere kolektiboen parte hartzea.”