Eskoziara begira gaude denok, balorazioen zain. Baina etxe barrura begira jarri nahi dut, euskararen komunitateari egin nahi diot so.
Gaurko argazkian, “Epaiketarik ez”, hala dio pankartak. Haren atzean Euskaldunon Egunkariako zuzendaritza-taldekoak izandako lagunak. Eta haien atzetik, koadrila bat adiskide.
Justizia-administrazioak aurki erabaki behar du Euskaldunon Egunkaria zenaren auzi ekonomikoarekin aurrera egin ala ez. Abokatu batzuk diote ez dagoela argudiorik auzibidearekin segitzeko.
Auzi ekonomikoak aurrera egin ala ez, epaiketa-sorta honetan guztian bada, orain arte azaldu diren istorio guztiez gain, beste afera bat, itzalean egon dena hainbat denboratan eta, agian, argitara atera beharko dena noizbait. Eta da Euskaldunon Egunkaria zenaren bihotz ekonomikoa izan ziren akziodunena. Zer gertatu da haiekin? Zer gertatu, haiek jarritako diruarekin?
Atxilotuak eta torturatuak izan ziren zuzendaritzakoak. Langileak, lanik gabe geratuak. Irakurleak, egunkaririk gabe… Akziodunak, dirurik gabe. Hara hor hainbat erabaki arbitrarioren uzta beltza.