Foruak Nafarroa Garaiaren barrabilak ez direla ohartu direnek ere zailtasunak dituzte berez zer diren azaltzeko. Kontzeptuaren erranahia lausotu dute paktismo politikoaren defendatzaileek azken 200 urteotan.
Ekarpen gisa, ironia eta sarkasmo izpirik gabe, ulergarria izan daitekeen azalpena emateko ausardia bildu dut gaur.
Soberania, burujabetza sua dela irudikatzen badugu, forua haren hausberoa da. Itzalitako suaren aztarna ñimiñoa. Forua ezpal goria da.
Suari esker edozein zopa presta daitekeen bezala, soberaniaz edozein herrik bere oraina eta etorkizuna gida dezake.
Hausberoarekin, ezpal goriarekin, zigarreta piztu edo eskua berotu baino ezer gutxi gehiago eginen dugun bezala, Foruarekin gure bizitzaren zenbait esparru gure eskutik kudeatzen utziko digute.
Foruaren ezaugarririk garrantzitsuena da adierazten digula garai batean sua bagenuela.
Galdera interesgarriena, ordea, bertze hau da: ezpal gori hori, baliatu ote dezakegu sua berpizteko eta, berriro ere, etxea berotzeko eta gure zopa egiteko? Baliatu dezakegu forua soberania berreskuratzeko?