Bosgarren denboraldia hasteko ttutti-fruttia dakart, izan ere zail jarri dute gaur BERRIAkoek argazki bakarra aukeratzea. Mundiala eguneko erreportaje nagusiarekin datorrena: hor dago emakumezkoa, bikini eta pamelarekin, hamakan erdi eserita-erdi etzanda, eskuetan edalontzia, limoi xerrez eta lastotxo pareaz hornitua, cocktel exotikoren batekin. Eta zer paisaia dauka aurrean? Ascóko zentral nuklearra bete-betean! Argazkiaren intentzioa ezin dut asmatu: edo zentral nuklearra udapasarako zein toki zoragarria den erakutsi nahi du, edo zentral nuklearra tokiz kanpora dagoela azaldu?.
Beste honetan argiago dago mezua: Eskozian, Independentzia Erradikalaren aldeko Kanpainakoek egindako festan, Margaret Tatcher eta Cameron ageri dira oholtzan, kantari planean. Pena argazkiak ez duela musikarik.
Azken aurreko orrialdeetako batean dozena pare bat lagun taldeko argazkian, eta hara, ezagunak: Pello Zubiria, Bego Zuza, Xabier Letona, Estitxu Eizagirre… ARGIAko langileak kamera aurrean jarri dira, aurten aspaldiko partez ARGIA EGUNA antolatu dutela adierazteko.
Kiroletan, Urdaibaiko mutilak, biba eta irrintzi batean, Donostiako aurtengo estropadako garaipena ospatzen. Baina… non galdu ote da Pasai Donibaneko nesken argazkia? Batelerek ere ez al zuten bada Kontxako bandera irabazi joan den igandean?