Gaztelaniaz, arroila FOZ esaten da. Denbora eta uraren poderioz, harriak desegiten dira, ibaiek bere bidea egiten duten bitartean. Txikiagoak, handiagoak, haitz ebaki kolosalak dira. Nafarroan ez dago gutti: Arbaiun, Irunberri-Ledea, Ugarron, Mintxate, Burgi...
F. O. Z., berriz, bizitzaren paradoxak, ez-epaile baten izen-abizenaren inizialak dira. Bere ustez, begian pilotakada bat jaso ondoren "txiripaz nago bizirik" esan zuen gaztearen erasotzaileek ez dute zigorrik merezi. Errudunak egotekotan, egun horretarako greba orokorra deitu zuten sindikatuak izanen lirateke.
Edertasuna eta maltzurkeria hiru letra berberetan. Maltzurkeriaz egiten duen bere lana utz dezan ez-epaileak; besteok, une batzuetan guttienez, edertasunarekin goza dezagun.