Fermin Erbiti: Noriaren inspektoreak

Euskalerria Irratia 2014ko ekainaren 19a

Astelehenetik Iruñeko Antoniutti parkean burdinazko pieza handi pila bat dago, bertan, iaz bezala, Europako noriarik handiena martxan jarriko baitute.

Hortik pasatzen naiz egunero, gutxienez bitan. Tokatzen zait, beraz, langileen joan etorrien lekuko izatea. Langileak, batetik bestera ibiltzen dira, izugarrizko pieza luze horiek garraiatzen eta lotzen. “Hobe, bai, erdiko lotura horiek behar bezala estutzen badituzte, bestela bat lurretik hirurogeita hamar metro dagoelarik, horrek huts egiten badu…” Horixe pentsatzen dut langileak izerditan ikusten dudan bakoitzean.

Badira bertara propio lan hori ikustera doazen batzuk: jubilatuak. Gauza jakina da aparkalekua egiteko zuloa egin orduko, edo etxe multzoa eraikitzen hasi bezain laster, hor agertuko direla adinean sarturiko gizon batzuk, afizio hori bakarrik gizonezkoena delako, eta ez galdetu zergatik.

Kontua da jubilatuak garesti ordaintzen ari direla krisia, pentsioak izozturik daudelako. Bada, krisiak afizio merkearen praktika ere galarazi die, etxegintzak behera egin duelako nabarmen eta, beraz, inspekzioa egiteko obra kopurua hutsaren hurrena delako.

Horregatik, astelehenean Noriako piezak Antoniuttira helduak zirela jakin eta berehala, hara joan ziren batzuk. Ikusgarriagoa iruditzen zaie langileen mugimendu hori, behin Noria martxan jarri eta gero hirurogeita hamar metrotik eskaintzen duen ikuspegia baino.

Ikusgarriagoa eta merkeagoa, noski.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!