Aingeru Epaltza: Chi, chi, chi

Euskalerria Irratia 2014ko ekainaren 18a

Ez bazenekiten, nik emanen dizuet berria: España-Chile gaur, arratseko 9etan. Ez dut ikusiko. Denbora pasatzeko mila manera gogoratzen zaizkit 22 gizaseme galtza motxetan ikustea baino, pilota baten ondotik lasterka. Niretako mundialak deus guti du mundialetik. Eramangarria litzaidake, ordea, hedabideetako eta ostatutzarretako borbor etengabe hori gabe. Kontrako eztarritik sartu eta hooligan bilakatzen nau, futbolaren kontrako hoooligana, alegia, eta, bere-bereziki, selekzio zorionekoaren kontrako hooligana. Erran berri dut, gaurkoa ere ez dut ikusiko. Emaitzari erne egonen naiz, hala ere. Historiak erakusten digu bai Herbehereek bai Txilek badakitela espainolak etxera bidaltzen. Holandesek XVII. mendean egin zuten. Txiletarrek XIX. mendearen hasieran. Irri-emangarria litzateke historia berriz errepikatzea. Aupa Txile. Alegrantzia bat emaguzue. Ilundu, pixka bat bederen, Madrilen bihar izanen diren ospakizun solemneak. Chi, chi, chi, le, le, le!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!