Inma Errea: Gaitz orokorrago baten sintoma?

Euskalerria Irratia 2014ko ekainaren 17a

Osasuna makal dabil azkenotan, eta badirudi haren arazorik handiena ez dela bigarren mailara jaitsi izana. Ez naiz futbolzalea, eta ez dut gaia sakon aztertu, baina deigarria egiten zait ikustea kirol alderdiak ere bigarren mailan gelditzen ari direla, atzean, arazo ekonomikoek eta kudeaketakoek aurrea hartuta.

Futbolari buruz ezjakin izan arren, beti iruditu zait futbolak kirolekoak ez diren eta kiroltasunez hartzeko gaitzak diren ertz asko dituela, gauza asko estal ditzakeela. Kirolarekin, kirol-legearekin eta zaleen sentipen eta gogoekin zerikusirik izan gabe horiek baliatzen dituzten interesak kasu.

Ez dakit jaitsiera izan den, edo krisia, edo bi gauza horiek batera eta beste batzuk, ezagun ez ditugunak, baina jokoari makineria ikusi diogu. Ez da ikuskari ederra. Bai, ordea, ikuskizun argigarria, denon begien bistara ekartzen ari delako Osasuna futbol-taldean orain arte gordean iraun duten inguruabar ekonomiko eta politiko anitz.

Ziur aski, Osasunarena gaitz orokorrago baten parte da, gurean luze, luzeegi, iraun duen sistema baten gainbeheraren beste sintoma bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!