Oina behar duen horietakoa da argazkia, ze lehen begiradan ez da erraz antzematen zer ote den kanpamendu moduko hori. “8.000 metro karratuko egongelatzarra” jarri dio izenburu BERRIAk, eta argazki oinaren laguntzaz beti ere, hasi gara ikusten sofak direla hor daudenak: 750 jarri omen dituzte; era guztietako sofak kolorez eta formaz, eta ondoan mahaitxo zuri bana, denak berdinak horiek, zerbezak eta uzteko.
Ez daude beteta sofa guztiak, baina kontuak aterata, 750 sofa bider lau lagun bakoitzeko, hiru mila pertsona jar daitezke eroso Union Berlin futbol taldearen egongelan. Parean, tamainako pantaila erraldoia omen daukate, Munduko Kopako partidak ikusteko, zer bestela.
Sofak futbol zelaiko belarretan… anakronismoa da, baina egongela kolektibo horren antolatzaileek argazki unibertsalaren argazkia lortu dute, joan den ostegunean hasi eta hilabeterako munduak hartu duen itxuraren metafora… Areago pribatutasunaren sinboloetako bat den sofa kanpora aterata, jendaurrera.
Orain bakarrik falta zaigu “Cuadrilla busca cita”-ko gidoilariek ideia lapurtu eta hurrengo sail baterako, landetxea hartu ordez, San Mamesen jartzea realityaren eszenategia, EiTBren egoitza nagusitik bertan bide batez, mila sofatan beste horrenbeste koadrila… Ez nabil txantxetan, amorruari eutsi ezinda baizik.