Konponbidearen alde lanean segituko dutela diote 40 gazte absolbituek

Euskalerria Irratia 2014ko ekainaren 12a

Absolbitutako ia guztiak agerraldia egin dute.

Kazetarien aurrera atera dira gaur eguerdian Espainiako Auzitegi Nazionalak libre utzi dituen gazte independentistak. Berrogei epaitu dituzte eta ia guztiak zeuden. Lau urte eta erdi iraun du prozesuak. Bi urte inguru pasa zituzten espetxean, prebentibo gisa. Inkomunikazio aldian torturatu egin zituztela salatu zuten haietako askok. Eta orain absolbitu egin ditu Auzitegi nazionalak.

Epaiaren zenbait datu

Batetik, epaimahaiak balioa ukatu die inkomunikazio aldian eginiko deklarazioei. Baita instrukzio epailearen aurrean, Grande-Marlaskaren aurrean eginiko batzuei ere. Nabarmentzen duen bestea, Gazte Independentistak erakundeak ez zuela kale borrokarekin inolako loturarik. Bide baketsuekin soilik jarduten zuela politikan.

Gazteek hartu dute hitza

Txalo zaparrada artean, batzuen eta besteen arteko besarkadekin ekin diote 40 auzipetuetako gehienek agerraldiari. Irribarrea ahoan, pozez hartu dute epaia. Zama gainetik kenduta, atzera begira jarri dira. Pasatakoa latza izan bada ere, etorkizunari begira konpromisoarekin segitzeko asmoa dutela nabarmendu dute. Alegia, konponbideak berrogei militante berreskuratu dituela.

Epaiak, uste dute, aitortzen duela eta agerian uzten duela errepresioaren eta inkomunikazioaren ondorioa zenbaterainokoa den. Gehiengo berria osatzen jarraitzeko asmoz, epaia, aldaketaren abiapuntu izateko desioa dute 40 gazteek. Hain zuzen, gehiengo berri hori osatzera deitu zuten epaiketa amaierako alegatuan, eta alegatu hura berriro irakurri dute gaurko agerraldian.

Txaloka amaitu dute agerraldia. Kontent. Eta iragarri dutena, bihar, abokatuek eginen dutela epaiaren hausnarketa eta irakurketa zehatzagoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!