Fermin Erbiti: Diskurtso ergelei tinko eutsiz

Euskalerria Irratia 2014ko ekainaren 12a

Espainiar erregeak abdikaziaren berri eman zuenetik, trantsizioaren inguruko topikoak bolo-bolo dabiltza espainiar komunikabideetan: prozesu hura eredugarria izan zen, batez ere erregeari esker. Badira bestelako iritziak, Alfredo Grimaldos madrildarrarena, esaterako, baina horiek isildu egiten dira. Kazetariak, iaz, “Claves de la transición para adultos” liburua kaleratu zuen.

Trantsizioaren irudi ofiziala isiltasun, ezkutaketa eta iraganaren faltsutzean oinarritu da. Horixe da konklusio nagusia, aurretik ere ezaguna.

Funtsean, beraz, ez dut deus handirik deskubritu, baina liburuan kontatzen diren istorio batzuk zinez interesgarriak iruditu zaizkit, bereziki alderdi sozialistaren ingurukoak.

Helduendako liburuak behar ditugu, eta helduendako diskurtso politikoak, benetan oso nekagarri eta etsigarria baita ikustea gure agintari txit argiek betiko matraka dutela programa bakartzat. Eta horretan Barcina txapeldun, pasa den igandean erakutsi zuen bezala: kontuz etsaiekin, ni edo hondamendia.

Nahiago dut erregearen inguruko matraka hori baino. Are gehiago, Espainia munduko txapeldun izateak lekarkeen sufrikarioa ere irentsigarriagoa iruditzen zait haurrendako diskurtso ergel horiek baino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!