Ikasturtea bukatzear da, eta urteari errepasoa egiteko tenorea izaten da. Aitortuko dut, nik ere tentazioa izan dudala gibelera begira paratu, eta urtean zehar izan ditudan solasgaiak gogora ekartzeko. Baina erabaki dut ezetz, hobe dudala aitzinera begiratzea, neure izaerak hala eskatzen didalako, optimista bainaiz neurez.
Eta lizentzia hartu dut horretarako. Urte berriak bezala, ikasturte berriarekin aldatu nahi nituzkeen gauzen zerrenda egiten hasi naiz. Gauza handietarako joera izaten dugu, eta hala pasa zaizkit burutik pobreziarekin zein etxegabetzeekin bukatzea, euskal errepublika lortzea, edota Nafarroako Gobernua kolorez eta edukiz aldatzea. Gauza handiak, baina, ez dira, normalki, egun batetik bertzera aldatzen, eta zinurrien modura, mundua urrats ttiki anitzekin aldatzen ahal dugula uste dudanez, eguneroko lanarekin saiatuko naiz horiek lortzen.
Eta hortaz, nire buruari paratu diodan ariketa xumeagoa izan da gaurko. Irratia biztu eta eman daitezkeen notizi horietako baten bila abiatu naiz, pertsona bakarraren edo multzo ttiki baten eskuetan dauden gauza horietakoren baten bila. Eta lizentzia hartu dut, ikasturte berriak Euskalerria Irratiari lizentzia ekarriko diola pentsatzeko. Sinetsita bainago, egunen batean, nonbait, norbait, justizia aplikatzen hasiko dela. Eta tartean-tartean, ukendu goxoa izaten diren albisteak ere jasotzea merezi dugula.
Eta bertzela ere, gure lizentziarekin jarraituko du bere bidea Euskalerria Irratiak. Bigarren ikasturte hau ere, plazer bat izan da niretzat.