40 gazteak epaiketaren egunean. Argazkia, ARGIA.COM
Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman die 26/11 auzian epaitutako 40 gazte independentistei. Urrian hasi zuten horien kontrako epaiketa, eta otsailean amaitu. Gaur eman du epaia auzitegiak. Eleak mugimenduak eman du ebazpenaren berri, Twitter bidez.
Segi gazte antolakundeko kide izatea egotzita epaitu zituzten berrogei gazte, iazko urriaren 14tik aurrera. Seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak —denera, 240 urtekoa—, batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoia Iragorri ez ziren epaiketara aurkeztu, bideo batean adierazi zutenez, ez diotelako eurak epaitzeko zilegitasunik onartzen Auzitegi Nazionalari. Gerora, ordea, laurak atxilotu zituzten.
Absoluzioa jaso duten berrogei gazteak
Irati Mujika, Ainara Bakedano, Jon Anda Velez de Mendizabal, Jon Ziriza, Gaizka Likona, Olatz Izagirre, Ion Telleria, Aitziber Arrieta, Garazi Rodriguez, Maialen Eldua, Eihar Egaña, Euken Villasante, Mikel Ezkiroz, Mikel Aiestaran, Xumai Matxain, Aritz Lopez Ugarte, Asier Coloma, Eñaut Aiartzaguena, Mikel Arkaitz Totorika, Nahia Elena Aguado, Idoia Iragorri, Xabier de la Maza Peña, Haritz Petralanda, Ibai Esteibarlanda, Carlos Renedo Zuriñe Gogenola, Jon Liguerzana, Nestor Silva, Unai Ruiz Pou, Goizane Pinedo, Jagoba Apaolaza, Zumai Olalde Saez de Uragain, Aitor Liguerzana, Bittor Gonzalez, Amaia Elkano, Garbiñe Urra, Itxaso Torregrosa, Oier Zuñiga Perez de Urabain eta Fermin Martinez.
Bost hilabeteko epaiketa
Fiskaltzak berak zalantzan jarri zuen, 26/11 sumarioko gazteen kasuan, tortura salaketak ikertzeko auzitegiek egindako lana. «Salaketa judiziala jarri den kasuetan, baieztatu egin beharko da ea ikerketa eraginkorrik egon den», esan zuen Luis Barroso fiskalak: «Gure ustez, ez da egon ikerketa judizial eraginkorrik».
Sarekada 2009. urtean izan zen
Ia lau urte lehenagoko sarekadan du jatorria epaiketak. 2009ko azaroaren 24ko gauean izan zen. 34 gazte atxilotu zituzten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, Fernando Grande Marlaska epaileak agindutako operazioan. Beste zazpi gaztek ihes egitea lortu zuten. Ehun miaketa baino gehiago egin zituzten.