Elixabete Garmendia: Gurutzaketak

Euskalerria Irratia 2014ko eka. 10a, 12:40

Eguzkiak ere ez zuen huts egin, eta blaitzen ditu irudi guztiak. Zerua ikusten denean, urdin, izatekotan bero lainoak, Arbizuko horretan bezala, Beriain gaina zeharkatzen.

Durangoko abiapuntukoan, oraindik belztu gabeko besoak gora, baso bat osatuz. Eta kolore asko; giza katea uniformatzeko adina kamiseta ez zeukan Gure Esku Dagok. Ezta beharrik ere.

Kamisetarekin baino dotoreago dago gudari pare hori Arrasaten, txapela buruan biek, haietako batek txaketa bizkaitarra soinean; Andoni Ortuzar daukate ondoan.

Gure herriko argazkian, Ormaiztegin, Takolo pailazoa ageri da bizikletan, baina gure parean, 52garren kilometroan ibili zen bizikletaria beste bat izan zen, gaurko alearen bigarren orrian Anjel Oiarbiderekin dagoen horietako bat.

Orri pasan segituz, Beasainen dantzari dotoreak, joaldunak Irurtzunen, Iruñean soinujole saila… Eta albumean ez dauden argazkiak eta topaketak. Giza katea bukatuta, han azaldu zen Zerainen ibilbide arraro samarra iragartzen zuen autobusa: Ataun-Palanka; Bilbo Zaharretik etorri eta Lizarrustiko pagopeetan egoteko zortea izan zuten.

Zenbat horrelako gurutzaketa herenegun, mapa geziz beteta, denak Durango eta Iruñea bitarteko 123 kilometroetako punturen batean helmuga.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!